Nola eragiten didate Gabonek osasunean?

Gabonen aurretik farmatziara joan eta bertan botikariak zera adierazi zidan. “Orain hasten da guretzat urte sasoirik lanpetuena. Gabonetan jende asko gaixotu egiten da.” Zer gertatzen da beraz sasoi honetan horrenbeste eragiten diguna gure osasunean?

Hasteko, kontutan hartu beharreko faktore garrantzitsu bat da, gaixotasunak gure organismoko desorekak direla, eta berriro ere homeostasia berreskuratzeko prozesuak. Gaixotasunak inoiz ez dira faktore bakar baten ondorio. Hau honela dela dakigu, persona bakoitza ez delako era berdinean gaixotzen birus edo eta bakteria batekin kutsatzen denean. Askotan familia bazkari baten ondoren familiako batzuk gaixotu egiten dira eta beste batzuk ordea itxuraz ondo aurkitzen dira. Toki berdinean egon dira eta gauza berdinak jan dituzte. Zein da desberdintasuna? Batzuk pentsa dezakete defentsen kontua dela. Batzuk osasuntsuago daudela eta besteak ordea ahulago. Baina askotan itxuraz ahul aurkitzen denak ez du sintomarik erakusten eta ordea osasuntsu itxura duenak, gaixotasuna pairatzen du. Beraz hemen normalean kontuan hartzen ez den faktoreren bat gehiago badagoela susmatzen hasten gara.

Bizi garen mundu honetan ikusi daitekeenari eman zaio garrantzia, ikuspegi zientifiko baten eraginpean. Baina zer gertatzen da ikusten ez denarekin? Emozioekin alegia? Nola bizi ditugu gure esperientzia horiek? Argi dagona da, persona bakoitzak egoera berdina era desberdin batean bizi duela eta uka ezina da gabonetan gure mamurik sakonenak azaleratzen zaizkigula. Gure baldintza emozionalik handiena gerturatzen zaigu, familia alegia. Mundu honetara egokitzeko lehen hurrats horretan gehien baldintzatu gaituen pertsonekin batu egiten gara sasoi honetan eta bertan azaleratu egiten dira gure lehialtasun familiar, sinismen eta konpromezu guztiak. Berdin da fisikoki familiarekin batzen baldin bagara ala ez. Gure adimena bertan egongo da gure afera guztiak gogorarazten, nahiz eta fisikoki distantziara egon. Eta agian gure ustez ez dugu tentsio momenturik bizi, eta era armoniko batean erlazionatzen garela uste dugu, baina seguraski ez gara gure estres emozionaletaz konturatzeko gai. Horrenbeste urtez bizi izan ditugu non jada normaltasun moduan sentitzen bait ditugu.

Inork pentsa dezake, zergaitik izan daitekeen bizipen mota hau gure desoreka askoren eragile. Ba arrazoia erraza da. Mundu honetara erabat garbi eta baldintzarik gabeak sortzen gara. Amaren sabelean gauden momentutik bertatik hasten da familiaren beharrizanetara egokitzeko prosezua, garrantzitsuak izanik baita erditzea eta persona bakoitzaren lehenengo hiru urteak, orduantxe bait da Zentzu Proiektua eskuratzen dugun garaia. Garai honetan gure familiartekoen egoera emozionalek eta sentimenduek eragiten digute, eta baldintza hauetara egokitzen ikasten dugu. Familiako beharrizan hauek, familia kabitik ikusita guztiz normalak dirudite, baina distantzia hartuta, baldintzatuak ikus daitezke.

Indibiduazio prozesuari jarraika, pertsonok, familia kabitik salto egiten dugunean, norbere errekurtso emozionalak eta sozialak garatzea komenigarria zaigula konturatzen gara. Garapen bide hau aukeratu arren, persona bakoitzaren erritmoa eta ibilbidea desberdinak dira. Eta alor askotan aldaketarik ez egitea ere izan daiteke. Jokabide asko umetako errekurtso emozionaletan lotuta geratzen zaizkigu. Guzti honeri faktore bat gehitu beharra zaio. Guraso moduan, seme alabekiko nagusitasun jarrera bat bizi izaten dugula. Aginduak eman, zer egin behar duten adierazi, debekuak aipatu, etab… Ahaztu egiten dugu maisu bilakatzeko pertsona bakoitzak bere erabakiak hartu eta bizi behar dituela.

Beraz koktel guzti hau kontutan hartuta, eta nahiz eta era inkonziente batean izan, gabonak era estresatu batean bizi ditugu. Barrutik somatzen dugun urduritasun horrek, gabonak era desorekatu batean bizitzera garamatza. Opariak erosi, otordu ugariak ia egunero, ezohikoa jaki garestiak kontsumitu, soineko ederrak jantzi eta festa ugaritara joan… Kanpoko guztiak perfektua eta arrakastatsua izan behar du, gure barnean urduritasun sakon bat nabaritzen bait dugu. Otorduak berak, gure desorekaren adierazle dira. Ez gara gai, soilik behar duguna jan eta edateko.

Gure barne tentsio emozional egoerak, etengabe jatera bultzatzen gaitu, gauzak ondo murtxikatu ordez, zuzenean irentsiaz. Tentsio uneetan, urduritasuna tragu batekin edo mokadu batekin lagunduaz. Jabetzen al gara irunzten dugun jaki bakoitza ze emoziorekin jaten dugun? Kultura askotan, jaten den bitartean ez da hitzik egiten. Kontzientzia, jan eta edaten den horretan ipintzen da, esker ona eta maitasuna sentituaz. Irensteko presarik ez dago. Irensten duguna aire barik jaten da, ongi murtxikatua eta listuarekin ondo nahastua. Estres emozionalak prozesu guzti hau behar bezela egiten galarazten digu, hesteen eta sabel aldearen uzkurtze bat gehituaz.

Gabonek ospakizun benetazko bat dute. Neguko solztizioa. Bertan eguzkiaren birsortzea ospatzen zen, baina barrura begirako jai bat dela ahaztu egiten zaigu. Udako solstizioan eguzkia gorenean dagoela eta uzten sasoia ospatzen da eta beraz janari eta edari ugariko ospakizunak udan izan beharko lirateke. Neguan ordea gure persona berriro ezagutzeko eta aurretik dugun urterako asmo berrien aurkikuntzarako sasoia da.

Beraz Gabonen sasoia, ikasketa eta aldaketa garai bezala ikustea gustatzen zait. Gure buruak ezagutzeko sasoia eta behar dugunarekin konektatzeko aukera. Gure erlazioak era egiazko batean egonkortzeko aukera eskaintzen digu, inguruan ditugun pertsonei benetan nortzuk garen eta zer behar dugun adieraziz. Jesukristok bere jaiotzarekin, bizitzaren ikuspegi berri bat ekarri zigun. Bizitzeko era berri baten sorrera. Honek, jendeak ordurarte zuen mundua ulertzeko ikuspegiaren aldaketa bat ekarri zuen eta beharrizan berrietara egokitzapen bat. Hasiera batean gatazkatsua izan daitekeen aldaketa bat, baina gerora norbera bere buruarekin koherentzian dagoenean eta ingurukoak jakitun direnean, maitasun eta errespetu erlazioetan bilakatzen dena.

Ahaztu egiten zaigu gure errealitate fisikoa, gure arimaren islada bat dela. Gure gorputza Gabonetan gaixotu egiten bazaigu, ez ahaztu hau abisu bat dela. Zer ari zait esaten? Gure arima zeozer adierazten hari zaigu. Atenditu gabeko beharrizanen bat daukogula. Bi aukera ditugu jarraian. Lehenengoa, sintomak osatu eta era berdinean aurrera jarraitzea izango litzateke. Aukera hau oso erabilia da gizarte honetan. Eta bigarrena, horrezaz gain gure emozioak aditzea, zaintzea eta ulertzea, ikasketak eginaz. Aldaketa hauek ez dira soilik jokabideetan zertan ezarri. Aldaketak gure inguru aldaketa batean ezarri daitezke, jokamolde aldaketetan, sinismenetan, baloreetan, nortzuk garen bai fisikoki eta espiritualki. Zenbat eta aldaketa sakonagoak egin, orduan eta eragin eta onura handiagoak izango ditu.

Artikuloa irakurri ostean, inork pentsa dezake familia dela gure arazo guztien errudun. Baina niri ikuspegi aberasgarriago batetik ikustea gustatzen zait. Naiz eta familia arteko erlazioak maitasunetik, gorrototik edo interesetik eginak izan, gogoratu genezake gure inguruko jendea gure arazoen islada baino ez dela. Besteengan ikusten ditugun arazo horiek, guk gugan kudeatu eta konpondu gabeko gatazkak baino ez dira. Konponketak anitzak izan daitezke, kasuan kasu, komunikazioa hobetu, ulermena landu, erlazioak eten, etab. eta bai ala bai, norbere burua errespetatu. Beraz, esker ona ere senti dezakegu islada horregaitik eta norbera hobeto ezagutzeko aukera eskeintzen digutelako. Aldaketek, gure benetazko izatearekin konexioan daudenean, barne oreka baterako bidea eskeintzen digute. Gugan egindako aldaketa orok, inguruko pertsonengan aldaketak eragingo ditu. Norbere buruarekin pakean sentituz gero ordea ez dago gaindi ezinezko arazorik. Bizitzaren etengabeko aldaketen parte bat da hau, eta bakoitzak bere buruarekin benetazkoagoa izaten ikasteak eta adierazteak, bizitza berri eta itxaropentsuago batera garamatza.

Beraz urte oso bat daukogu aurretik ikasketa bat egin ahal izateko eta hurrengo Gabonei harrera beste era batera egiteko.

Ondo segi eta Urte berri on!!!