Nola aurre egin aldaketei gure bizitzetan

Aldaketak

Etapa berri bat hasten dugun bakoitzean, zalantza multzo berri bat agertzen zaigu. Komenigarria zait hau egitea? Aukeraketa egokia egiten nago? Behar bezain ona naiz? Momentu egokia da? Agian behar adinako esperientzia edo jakinduriarik ez dugula pentsa dezakegu, edo eta gauzak hobeto prestatuaz gero dena errazagoa izango litzatekela. Pentsamendu guzti hauek, aurkitzen garen egoera aztertzeko eta datorkigun egoera berriaren arrisku azterketa bat egiteko beharrezkoak dira. Ez dezagun pentsa hau segurtasun eza denik. Beldurra da, eta momentu jakin horretako egoera aztertzeko balio digu. Dena dela, ezin gara soilik mugatu gure egoak egoeraz egiten dituen oharretara. Gure adimena bizipenetara dago soilik mugatuta eta ez dugu ahaztu behar ikusten gauden hori gure pertzepzioaren parte baino ez dela. Norbaitentzako momentu txar bat dena, beste batentzako bere bizitzako momenturik egokiena izan daiteke.

Izatez, izaki osoak garela ahaztu egiten zaigu, eta beharrezkoa dugun jakinduria guztia gure baitan dagoela. Gure berezko senaz hari naiz, mugi arazten gaituen energia horretaz. Hasi gura dugun bide horrek amets arazten bagaitu, pozez betetzen bagaitu, zalantzarik ez izan, jarraizazu. Poztasunez bizi izateko era bakarra duzu. Zoriontasunak ez du momentu gogorrik ez dela izango esan gura, baizik eta momentu gogor horietan zailtasun horiek gainditzeko gogoa eta kemena izango duzula. Orainean biziko zara, momentu bakoitzaz gozatuz, jubilazioa edo oporrak noiz iritsiko diren zain egon gabe. Sarri, azenario bati jarraika gabiltza, sarira heltzeko ahaleginetan, egiten gaudenarekin konektatu ezinean. Gure bizitza saldu egiten dugu soldata edo hirugarrenen beharrizanen truk, noizbait guk desiotako gauzak egiteko denbora eta dedikazioa edukiko ditugulakoan.

Izan fedea, fedea zugan eta desio duzun hortan. Maitasunetik egiten diren gauza horiek gauzatzeko aukera gehiago dituzte. Energia gara, eta energía hori bibrazio altuago batean dagoenean, hurrunago iristen da. Beste pertsonei zure ilusio hori kutsaraztera iristen zara, jendea konbentzituaz eta nekerik sentitu gabe.

Momentuak daude non mugitzen gaituen hori martxan ipintzera animatzen garen, eta beste batzuk non zalantzak agertu eta atzera botatzen garen. Hauek dira Ulises-en sirena kantuak. Eta ezin badut? Eta onartzen ez banaute? Eta etekinik lortzen ez badut? Zalantza guzti hauek, blokeatzen zaituen beldurrak dira. Zure buruan soilik bizi dira. Eta zuk zalantza eginaz gero, jendeak hautematen du eta ez du amesten duzun horretan sinetsiko, jabetzen bait dira zeuk ere ez duzula sinisten. Izpilu lana baino ez dute egiten zure zalantzak erakutsiz. Aldiz, zeuk zalantzarik egiten ez duzunean, jendeak begiratzen zaitu, zure erabaki eta konbikzioaz jabetu eta era berdinean aurkezten dizute, nahiz eta heurek beste sinismen bat izan. Onartzen dute zuretzako erabaki zuzena izan daitekeela. Sinetsi ezazu amesten duzun hori. Mastara lotu zaitez, sirenen kantuaz babesteko Ulisesek egin zuen moduan, eta segi aurrera, sinetsi ezazu. Ahal duzu eta nahi duzu.

Hemen dator gure indibiduazioaren lanik garrantzitsuenetariko bat. Nola ezagutu mugiarazten gaituen hura. Nola jakin nortzuk garen eta benetan desio duguna. “Egin behar” duguna urte luzez entzun eta gero, nortzuk garen ahaztu egiten bait dugu. Edo duela hogei urte mugiarazten gintuen gauza berdinak ez gaituela gaur egunean zertan mugitu behar jakitea. Bizitza mugimendua da, dena aldatuz doa. Zeozertan zurrun geratzen garen bezain pronto, hilik gaude. Kokatze zurrun eta mugiezinak ez dira emozionalki jasangarriak. Bizitzan oro, aldatzen doa, eta zeozertan mugiezin geratuz gero, orduan eta tokiz kanporago aurkituko gara, egoerei aurre egiteko baliabide gutxiagorekin. Gauzak ikasten horrenbeste denbora pasa dugu, ikasitakoa askatzeko ezgauza sentitzen garela. Desikasi. Jarerak desikasi, sinismenak desikasi, jendearekin harremanetan jartzeko erak desikasi, mugapenak desikasi.

Pertsona bezala identifikatzen gara eraren batera izatearekin (Ingeniaria naiz, heterosexuala, itsusia, potoloa…), baina ez gara jabetzen guzti honetaz aparte askozaz gauza gehiago garela. Izateko posibilitate anitzak ditugu. Iturriarekin konektatuta gaude, izatez, Iturria gara. Momentuoro nor izan gura zaren aurkitu ezazu.

Baliabideak

Niri oso erabilgarriak izan zaizkidan zenbait tip edo baliabide azalduko dizkizuet. Bakoitzak aztertu dezala zerk egiten duen erresonantzia bere buruarekin, aldaketarik gura duen ala ez erabakiz. Kontzientziaren esnatzea goizeroko esnatzea bezalakoa da. Gure gogoz kontra norbait gu esnatzen saiatzen denean, ez dugu esnatu nahi. Momentua dela uste dugunean soilik funtzionatzen du.

  • Orainean bizi izan: Nire burua ixilarazi eta egiten nagoenaz gozatu. Nire iraganeko bizipenez nire pentsamendua ez okupatzen saiatu. Etorkizunean ez pentsatu. Nire ardurak izatez ez dira existitzen, baina irtenbideak bilatzen egotea suposatzen didate, gero gainera errealitatearekin inolako antzik ez izateko. Egoeretaz buruz arduratzeak, egoera bizi izateak sorturiko gastu energetiko berdina suposatzen dit, baina ezer konpondu barik. Momentua heldutakoan irtenbidea bilatu eta bien bitartean orainaz gozatzen dut.
  • Helburuak maitasunetik bilatu: Nire bihotzak dinostana aditu. Bizitza ugaritasuna da. Bizitzarekin dardaratu eta konektatzen banaiz, ugaritasuna jariatzen duen bere instrumentu batean bilakatzen naiz. Gauzak heldu behar direnean helduko direnaren zihurtasuna eta lasaitasuna izatea. Gauzak beldur edo gabeziatik desio ditudanean, heurengandik urruntzen naiz.
  • Nire bizitzan gertatzen denak nirekin zerikusia du: Nire bizitzan gertatzen zaidan guztia aldatzeko gaitasuna dut. Ez naiz egoera edo persona noiz aldatuko zain geratzen. Egoera berdina izan ez daiten, guk aldatu dezakegun zeozer dago beti. Kritikatu eta ezer ez aldatzearen tentazioan jausten bagara, egoerak errepikatuko zaizkigu egoera berdina izan ez daiten, gure arazoen irtenbidea kanpotik helduko zaigulakoan bait gaude. Kritikarik ez eta ekin. Analisi gabeko kritika paralisia da.
  • Pentsamentu positiboak izan: Beharrezko guztia nigan dago. Berdin da nire bizitzan egin gura dudana. Nire aliaturik onenak nire dohainak dira. Nire emozioak sentimentuekin eta nire ekintzekin lerrokatzen ditudanean pakean nago. Gure pentsamenduek gure errealitatea gauzatzeko gaitasuna dute. Pentsatzen dudana aztertu eta pentsamendu negatiboak positiboengatik trukatu. Nire bizitza aldatuz doala dakusat, aurretiaz pentsa ezinezko gauzak lortuaz.
  • Emozioak neure buruaren azterketarako erabili: Emozioak nigan noiz sortzen diren aztertuaz, nor naizen ikusten dut. Maitasuna, beldurra, nazka, haserrea eta tristezia. Heuretariko bakoitzak gure izatearen alde desberdinak ezagutarazten dizkigu. Danak dira beharrezkoak eta ondo daude. Heuren funtzioa betetzen dute. Heuretarikoren bat itoaraziz gero, nire buruari eraren batera izaten uzten ez diodalaren sienale ematen dit. Zergaitik egiten dut hau? galdera nire buruari egin beharrean, Zertarako egiten dut hau? galdera egiten dut. Irtenbideak bilatzen laguntzen dit.
  • Jendea aldatzen ez saiatu: Nire bidea egiteko ez daukat inor aldatu beharrik. Pertsona bakoitzak bere prozesua dauka eta bere ikasketak. Nire beharrizanekin konektatzeak eta nire ingurukoei helarazteak lagundu egiten nau. Benetan maite ezkero, onartuko naute. Eta ez onartuz gero, nire bidea segi eta onartuko nauten jendearekin gurutzatuko naiz. Ez diet nire beharrizanei uko egin behar inorekin jarraitzearren. Pertsona bezala anulatzen banaiz, goiz edo berandu ondorioak pairatuko ditut. Egin, sentitu eta pentsatzen dudanaren artean koherentzia bat mantentzea gustoko dut.

Ondorioak

Era jakin batean sentitzeko, ez gaudela kanpoko faktoreen menpe pentsatzeak lagundu egiten du. Garrantzitsuena ez da bizi duguna baizik eta nola bizi dugun. Ez dezagun pentsa egoera gogorrak txarrak direnik. Ikasketak egiteko bizi ditugu. Jarrerak alda ditzakegu, eszenatoki desberdinak bilatu, sinismen berriak barneratu edo eta nahi izanez gero irtenbide berdinak hartu. Guztia da perfektua, eta persona bakoitzak erabakitzen du noiz ezarri aldaketak bere bizitzan edo berdin jarraitu. Hori bai, sentitu, pentsatu eta egiten dugunaren arteko oreka hori aurkitu arte ez gara pakean biziko.

Zer gura dugun jakiteko gure pentsamenduak entzutera gaude ohituak, erabat ahaztuz bihotzean sortu eta liseriketa aparatua den gure burmuin primitiboan isladatzen diren gure sentimentuetaz. Liseriketa aparatuak berri ematen digu, kanpoko zeozerk eragiten digunean edo hartutako erabakia gure sentimenduarekin bat ez datorrenean. Tripako minak, beheranzkoak, gasak… gure estres eta ezinegonen adierazle dira. Adimena egoa da, eta dakiela dio, baina gure ikuspuntuak erabat baldintzatutako pentsamendu bat baino ez da. Gure emozioek helarazitako informazioak ulertu eta atenditzea da giltzarri gure inkontzientera sartzeko, gure informazioaren parterik handiena den inkontziente horretara, gugan aginduz eta gugan ongizatea eta ezinegona sortaraziz. Gure iluntasunean gorderik dugun informazio guzti hau argitaraziz eta ulertuaz, gure emozioen ulermen handiagoa lortuz goaz. Eta gure pertsonaren ezagutza hori azkenean ongizate eta osasunean isladatzen da.

Informazioa gara, energia, bibrazioa, argia. Modurik armonikoenean bibratzeko, gure frekuentziarik onena aurki dezagun.

Gaur egunean fisika kuantikoa, energia bi egoera desberdinetan existitzen dela jakitera iritsi da. Onda edo partikula moduan. Baina onda moduan soilik existitu daiteke begiralerik ez badago. Begirale bat agertzen den momentuan onda horiek partikula bilakatzen dira. Ondorio horren simple honek adierazten duena da, ikusi eta bizi dugun hori, guk bizitza ikusteko dugun ikuspuntuarekiko menpekoa dela. Bakoitza bere ikuspuntuarekin bere errealitatearen sortzailea da. Eta sorkuntza honetan gure baldintza guztiek eragiten dute (sinismenek, pentsamenduek, beldurrek, leialtasun familiarrek…). Honek esperantza handiko mezu bat dauka, eta hein handi batean gure bizitzen sortzaile izan garela da. Beste gauza bat da sortzen dugun hori gustoko dugun ala ez.